Oiartzungo Euskararen Sustapenerako Plan berria martxan dela iragarri izan dugu, eta baita prozesu parte hartzailea izango dela ere. Aste honetan Oiartzungo enpresa eta komertzioen txanda izango da; izan ere, ekaineko saioa atzeratu ondoren, asteazken honetan, hilak 13, 15:30ean egingo den lan-saioan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Orain arte egin dituzte saio batzuk, hain zuzen ere, euskalgintzari eta hedabideei zegokiona eta kultura, aisia eta kirolari zegokiona. Saio horietan Oiartzungo euskararen egoerari buruzko iritzia eman dute herritar batzuek. Orain, arlo sozioekonomikoaren gaineko iritzia jaso nahi du Udalak, arloa ondoen ezagutzen dutenen eskutik.
Lanin zerbitzutik ere iritzia ematera animatu nahi zaituztegu, datorren plangintzaldiko gakoak horren arabera definituko baitira. Izen- ematea esteka honen bidez egin dezakezue.