Home Assistant-ek euskaraz hitz egiteko aukera du jada

Etxeko domotikarako Home Assistant aplikazioak aurrerapauso garrantzitsua eman du: hemendik aurrera, euskarazko ahotsez erantzuteko gai da. Lorpen hori Piper testutik ahotsera (TTS) sistemaren eta euskarazko ahots-eredu berrien integrazioaren bidez gertatu da.

Ahots horien jatorria Hugging Face plataforman dago, han argitaratu ziren “Antton” eta “Maider” izeneko TTS ereduak.  HiTZ Center-ek eta Aholab taldeek garatu zituzten, euskarazko hizketa-teknologian egindako ikerketaren baitan. Hala ere, hasierako bertsioek integrazio zailtasunak zituzten beste sistema batzuetan erabiltzeko.

Horri erantzunez, Itzune taldeak ahots-eredu horien bertsio moldatuak sortu ditu, formatu egokiagoetan (VITS eta ONNX), Piper motorrarekin bateragarriak izan daitezen. Horri esker, Home Assistant bezalako plataformetan integratzea errazagoa da.

Momentuz, euskarazko ahots hauek ez daude Piper-en banaketa ofizialean sartuta, eta konfigurazio gehigarri batzuk behar dira erabiltzeko. Hala ere, dagoeneko egina dago eskaera ofiziala, eta etorkizun hurbilean modu estandarrean eskuragarri egotea espero da.

Garapen honek euskararen presentzia handitzen du eguneroko teknologiaren arloan, eta atea irekitzen dio etxeko sistema adimendunak gure hizkuntzan erabiltzeko aukerari.