Datozen urteetan ere Oiartzungo enpresa txiki eta ertainetan euskararen erabilera areagotzeko ekintzak sustatzen jarraituko dute Oiartzungo Udalak eta Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkulariek. 2023-2025 bitarterako kontratua sinatu berri du Udalak, bi urtez luzatzeko aukerarekin.
2016.urtean abiatu zen Lanin egitasmoa Oiartzunen. Lehen urte horretan, egitasmoaren diseinuan aritu ziren aholkulariak, eta ondoren, Udalarekin lankidetzan aritu dira euskararen erabilera Oiartzungo enpresetan zabaltzen.
Urte horietan guztietan, aholkularitza eskaini diete Oiartzunen kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainei; horri esker, euskara lan munduan sustatzeko ekintza ugari egin dituzte 64 enpresek. Gainera, beste baliabide batzuk ere jarri dituzte langileen eskura: Lanin bloga, hilabeteroko Lanin buletina eta Oiartzun Irratiko irrati-saioa. Horietan euskara eta ekonomia arloko berriak argitaratu dituzte, eta interesgarri izan daitezkeen hainbat tresnen berri eman.
Horretan guztian jardun nahi dute hurrengo urteetan ere, eta berrikuntzaren bat izango da haien proposamenen artean, aurrerago jakinaraziko dituzte. Horiek aurrera eramateko Oiartzungo enpresa txiki eta ertainei dei egiten diete haiekin harremanetan jartzeko, euskararen sustapenean pausoren bat eman nahi badute. Horretarako, lanin@oiartzun.eus helbidea erabil dezakete.