Oiartzun Irratian emititu zen azken Lanin podcastean Oarsoaldeko Eskolatik Lanera proiektuari buruz jardun ziren Mikel Urdangarin eta Maialen Otegi Lanin-eko aholkulariak.
Eskolatik Lanera Lanbide Heziketako praktikak edo ikasketa dualak euskaraz egiteko aukera ematen duen proiektua da. Oarsoaldean eta inguruan garatzen da, eta momentu honetan bi ikastetxek hartzen dute parte: Don Boscok eta Pasaiako Blas de Lezo itsas eskolak. Beraz, ikastetxe horietako praktiketako edo ikasketa dualetako ikasle euskaldunak dituzten enpresei bideratuta dago, batez ere.
Egitasmoaren helburu nagusia da enpresei hizkuntzen kudeaketan laguntzea eta euskararen presentzia areagotzeko aurrera pausoak emateko bideratzea. Horretarako, enpresekin harremanetan jarriko da aholkularitza zerbitzuko teknikaria; kasu honetan, Ahize-AEK. Horrela, ikasleak erabiliko dituen baliabideak eta tresnak aztertuko dira, eta euskaraz ez dagoena euskaraz jarri ahal izateko baliabideak eskaini.
Ziur Oiartzungo enpresa askori interesgarria zaizuela egitasmoa. Gehiago jakiteko, entzun podcasta!