Elia.eus eta Batua.eus erreminten bidez dokumentu osoak itzultzeko aukera izango dute Oiartzungo enpresek. Horretarako, nahikoa izango dute Lanin zerbitzuarekin harremanetan jartzea.
Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu teknologia berriek hizkuntzak hobeto kudeatzen lagun ditzaketela enpresak. Itzultzaile neuronalek, esate baterako, asko erraz dezakete dokumentuen itzulpenak egiteko prozesua.
Elhuyar eta Vicontech fundazioek lehendik abian zituzten itzultzaile neuronalak, baina testuak zatika sartu behar ziren. Orain dokumentuak osorik eta maketazioa galdu gabe itzuli ahal dira Elia.eus eta Batua.eus atarietan. Denbora tarte oso laburrean dokumentua itzulita izango genuke, eta geure lana hura gainbegiratzea eta zuzentzea izango litzateke.
Tresnak ordainpekoak dira berez. Hala ere, Lanin zerbitzuak hilabete bateko proba pilotua lortu du; beraz, hilaren amaiera arte doan erabili ahal izango dute Oiartzungo enpresek. Horretarako, zerbitzuarekin harremanetan jarri ahal da hurrengo helbidearen bidez: lanin@oiartzun.eus.
Ahots mezuak bidaltzeko aukera
Testuak ez ezik, audioak eta bideoak transkribatzeko aukera ere eskaintzen dute. Alegia, bideoa igo, testu bihurtu eta hori itzultzeko aukera dago. Elhuyarren webgunea Aditu.eus da; Vicontech, berriz, Trebe izenarekin ari da bere zerbitzuak eskaintzen.