Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du UEMAk

Internet bidez, telefonoz, banketxean edo aholkularitzan errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Foru Ogasunekin elkarlanean.

Egoera soziolinguistikoa ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz.

Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.

Bizkaian, berriz, Amoroto (%27,9), Mendexa (%23), Aulesti (%22), Ispaster (%18,7) eta Gizaburuaga (%16).

Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu ematen herriz herriko datuak, baina UEMAk dituen datuen arabera, “UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentajean mantentzen dira”.