Lanin podcastaren 10. saioan hiztegien inguruan arituko gara, eta hainbat aholku ekarriko dizkizuegu. Zergatik izango ditugu hizpide hiztegiak? Ba batez ere, euskaraz (eta baita beste hizkuntzetan ere) lanean ari garenean, hainbat zalantza sortzen zaizkigulako. Izan, lexikoari, izan gramatikari lotuak. Halakoetan nora joko dugu? Hiztegietara, jakina, baina ba al dakigu zeinetara jo? Hiztegi mota ugari daude. Hala nola, definiziodunak, sinonimo / antonimoduna… baita bi hizkuntzadunak ere, hau da, euskara / gaztelania, euskara / ingelesa… Beraz, Zein izango litzateke egokiena?
Lehenik eta behin, beharra zein den zehaztu behar dugu, eta horren arabera, bata edo bestea aukeratu. Hori da, agian, ariketarik zailena. Gure zalantza lexikala edo gramatikala den ikusi beharko genuke. Gure zalantza erdarazko hitz baten euskarazko adiera jakitea bada, orduan hizkuntza hiztegi batera jotzea onena litzateke.
Aldiz, aditz baten morfologia ezagutu nahi bagenu, orduan Euskaltzaindiaren hiztegira jotzea izango litzateke egokiena, bertan agertuko baita informazio hori. Hitzaren definizio zehatza behar bagenu, berriz, Harluxet hiztegia ere hor genuke.
Zenbaitetan, ordea, hiztegi teknikoen beharra izaten dugu, gure jardunaren espezialitatearen arabera hitz bat edo beste erabiliko baikenu. Esate baterako, nola esango genuke recursos humanos euskaraz?
Entzuleei ariketatxo bat ipiniko diegu: jar dezatela beren ohiko bilatzailean Euskalterm, eta sar daitezela bertara. Han gaztelaniazko recurso hitza idatzi, eta ikusiko dute zenbat adiera ematen dituen… 4 orrialde hitzez beteta, alajaina! Recurso hitza esparru bakoitzean nola erabiltzen den erakutsi digu hiztegiak. Nik, ordea, zehatzago jakin nahi dut: recursos humanos. Hori jarri dut bilatzailean, eta handik lortu dut euskarazko adiera: giza baliabideak. Gogoratu, hiztegian singularrean idatzi behar izaten dela.
Jarrai dezagun, hiztegien artean igeri. Sinonimo edo antonimo bila bagabiltza, sinonimo-antonimoen hiztegira jotzea da egokiena. Adorez 5000 izan daiteke aukera bat. Gure testuari aberastasuna ematen diote sinonimoek, baina garrantzitsua sinonimo aukeraketa egitean hartzailea gogoan izatea, haren ulermenik gabe ez baikenu mezua behar bezala bidaliko.
Hainbat hiztegiren berri eman dugu bai, baina ba al dago horietara sartzeko bide zidorrik? bai, horixe! Euskalbarren bidez hiztegi guztietara sar gaitezke.
Nola egingo dugu? Euskalbar Firefox edo Chrome nagitzaileei gehitu ahal diogun tresna da, librea. Behin deskargatuta nabigatzailearen barran agertuko zaigu, eta bertatik erabiliko dugu. Hiztegian aurkitu nahi dugun hitza sartu ondoren, hiru hiztegi nagusietako orrialdeak kargatuko zaizkigu. Elhuyar Euskalterm eta Euskaltzaindiaren Hiztegia izan ohi dira gehien erabiltzen direnak. Dena den, bakoitzak bere ohiko hiztegiak aukera ditzake ezarpenenetan.
Hor ikusiko duzue zer nolako hiztegi zerrenda dagoen, eta zein desberdinak diren! Zientzia eta teknologiarena, automobilgintzari buruzkoa, farmaziarena, trengintzarena, justiziarena… Kuxkuxeatu itzazue, eta erabilgarri bazaizkizue, aurrera!
Besterik ez, entzule, heldu gara amaierara. Hiztegien mundua erakutsi dizuegu gaurkoan. Aurreko saioetan itzultzaile neuronalez ere aritu ginen. Benetan tresna interesgarriak horiek ere. Beraz, aukera duzuenean erabili baliabide hauek guztiak, probatuta jakiten baita erabilgarriak diren ala ez.
Ez genuke gaurko saioa kanturik gabe amaitu nahi. Korrikaren aurtengo abestia ekarri dizuegu: Hitzekin. Sustrai Colinak egin ditu hitzak eta Nerea Urbizuk sortu du abestia. Euskaraz kalean, lantokian, etxean hitz egitea ekintzarik handiena baita.