Eduki originala enpresabidea.eus atarian dago.
Nafarroako Mapsa kooperatiban auto eta ibilgailu komertzialetzat aluminiozko hagunak fabrikatzen dituzte, eta beraien bezero nagusiak automobilen ekoizle garrantzitsu batzuk dira. Indarrean duten euskara-planarekin langileen arteko kohesioa indartu dela dio Erik Sagardia Mapsako zuzendariak, euskara praktikatzeko espazioak ireki baitira. Aurtengo Euskaraldian parte hartu dute, gainera: “Gure langile askok gaztelania dute ohiko hizkuntza, baina jende askok euskara ikasi eta praktikatu nahi du, askotan guk uste baino gehiago”.
Mapsan euskara teknikari bat dute, lana eta planaren barnean jarduerak proposatzen dituena, eta, horrekin batera, euskara batzordea ere badute. “Ni enpresan sartu nintzenean gogoratzen dut, lehenengo batzarrean, arduradun batek euskararen plan osoa aurkeztu zuela, eta hura ikusita ilusio handia hartu nuela”, gogoratu du Sagardiak. Horrez gain, plana aurrera eramateko langileen parte hartzea oso garrantzitsua dela iritzi dio.
Sektorean euskarak duen presentziari dagokionez, aurrerapausoak egon dira, eta jendea gero eta kontzienteagoa eta arduratsuagoa da, baina oraindik Nafarroan euskara ez da hain ohikoa beste lurralde batzuetan bezala.
