Urrian egin da EUSKARAZ BARRA BARRA MARKAren esperientzia pilotua Oiartzunen, eta bi enpresek hartu dute parte: Orialki eta Erretxikik. Orain, esperientziaren ebaluazioa egiteko unea iritsi da.
Uztaileko Lanin podcastean azaldu genizuen bezala, Euskaraz barra barra marka zerbitzu sektorean euskararen erabilera handitzeko ziurtagiria da, euskararen lurralde osoan martxan jarri nahi dena. Marka bateratu honen helburua da euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela, leku edo entitate horretan bermatuta egongo baita euskaraz ulertzeko gaitasuna badagoela.
Urrian proiektu pilotua jarri da martxan Euskal Herriko herri batzuetako zenbait entitate eta enpresetan, eta horietako 72 Oiartzunen daude. Horien artean ditugu Orialki eta Erretxiki Pentsuak enpresak. Enpresa horietan marka bateratuaren identifikagarria jarri dute bezeroek ikusteko moduan, eta horri esker, erabiltzaileek euskaraz aritzeko hautua egin ahal izan dute eta hala izan dira artatuak.
Proiektu pilotu honen helburua esperientzia neurtzea da, ondoren beste herri guztietan zabaltzeko, eta neurketa hori egin ahal izateko eta ziurtagiria hobetzen laguntzeko enpresei haien esperientziari buruz galdetzeaz gain, galdetegi bat jarri dute herritarren eskura. Galdetegia betetzen dutenen artean 50€ko erosketa bonua zozketatuko da. Beraz, identifikagarria duten edozein establezimendutan izan bazara, hartu minutu pare bat inkesta erantzuteko.