2018an abiatu zen Oiartzungo Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa amaierara iritsi da, eta hurrengo bost urteetan indarrean egongo den plana diseinatzen hasiko da Oiartzungo Udala, herritarren parte-hartzea ardatz hartuta. Ahize-AEKren laguntza izango dute horretarako.
Plana aurrera eramateko honako ordezkariek osatuko dute talde eragilea: Ahize-AEK, Hizkuntza Normalizazioko zinegotzia, udaleko Parte Hartze eta Komunikazio teknikaria, Oarsoaldeko Euskara Batzordeko teknikaria, UEMA eta Hizkuntza Normalizazioko teknikaria bera.
Bi fase nagusi izango ditu prozesuak. Hasteko, “nondik gatoz?” galderari erantzungo diote herritarrek. Horretarako, batetik, aurreko planaren balorazioa egingo dute galdetegi baten bidez; galdetegia oiartzuarren artean zabaldu dute, ahalik eta iritzi gehien biltzeko asmoz. Horrekin batera, herritar batzuei elkarrizketa xeheagoak egingo dizkiete, iritzi horiek gertutik ezagutzeko. Bestetik, hizkuntzei dagokienez, egungo Oiartzungo datuen bilketa egingo dute, euskararen egoera zehatza neurtzeko asmoz. Horietatik ateratakoarekin diagnostikoa osatuko dute.
Ondoren, “nora goaz?” fasea abiatuko da. Fase honetan lan-mahai parte-hartzaileak izango dira ardatz, eta ekaina, iraila eta urria bitarte egingo dira. Herritarrak hainbat arlotako lan-mahaietan bilduko dira eta proposamenak egin ahal izango dituzte, gako nagusiak identifikatzearekin batera. Edonorentzat irekiak izango dira proposamenak egiteko erabiliko diren saioak. Horiek amaituta, parte-hartzaile guztiak azken saio batean bilduko dituzte, jasotakoen inguruko iritziak entzuteko eta plana sortzeko azken ideiak biltzeko. Horrela, oiartzuar ororen hitza entzunda diseinatuko da hurrengo urteetarako Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoa.
Euskaraz URTABE
Uzta oneko urte esan nahi du URTABE hitzak Oiartzungo hizkeran. Hori dela eta aukeratu dute izen hori prozesu honetarako eta sor daitezkeenetarako. Izan ere, herritarren inplikazioari esker fruituak emango dituela sinetsita abiatzen dute bidea, eta hizkuntzaren normalizazioan urrats esanguratsuak emango direlako.
Horiek horrela, Euskaraz Urtabe prozesuko kideek dei egiten diete herritarrei prozesuan parte har dezaten. Horretarako, galdetegia erantzutea izango da lehen pausoa.
Beraz, oiartzuarra bazara, erantzun galdetegia: https://labur.eus/07svB (gaztelaniaz: https://labur.eus/A7un6).
One thought on “Oiartzunen Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan berria diseinatzeko prozesu parte hartzailea abiatu du Udalak”