Irati Lizeaga Elizaldek, Elhuyar Aholkularitzako kideak, ikerketa bat egin du Oarsoaldea eskualdea ardatz hartuta, arlo sozioekonomikoan euskararen egoera zein den jasotzeko helburuz, eta horren berri eman du BAT Soziolinguistika aldizkariaren 127. zenbakian.
Egileak prestatutako galdetegia erantzun dute Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzunen bizi edo lan egiten duten 753 pertsonek. Emaitzak 2003-2004 urteetan OLA Plana abiatzeko jasotako datuekin alderatu ditu.
Hauek dira interesgarriak iruditu zaizkigun ideiak:
- Bailaran bizi eta lan egiten dutenetatik gehienek Orereta-Errenterian eta Oiartzunen egiten dute lan.
- Oiartzunek langile-kopuru handia erakartzen badu ere, galdetegian jasotako erantzunen arabera, bertako jende askok herritik kanpo egiten du lan. Donostia, Orereta-Errenteria eta Irun dira Oiartzunen bizi direnen lanleku ohikoenak.
- 20 urte hauetan, euskararen presentziak gora egin du, batez ere bi alderditan: hizkuntza-paisaian eta kanpo-harremanetan. Errotulazioa da nabarmen gehien garatu den aspektua.
- Administrazio Publikoa eta Zerbitzuen sektorea egiten du lan galdetegia erantzun duen jendea askok eta horietan egiten da euskara gehien; askotan, beharrezkoa da lan egiteko. Merkataritzan, Ostalaritzan eta Nekazaritzan euskara baloratu egiten da. Aldiz, Industrian ez da baloratzen euskara jakitea.
- Galdetegia erantzun duen gehiengoak adierazi du garrantzitsua dela lantokian ere euskara erabiltzea. Gehienak Administrazio Publikoetan eta zerbitzuetan lan egiten dutenak dira. Lau langiletik batek adierazi du prest dagoela euskaldunak diren lankideekin euskaraz hitz egiteko, bezeroarekin harremanetan lehen hitza euskaraz egiteko, komunikazioak ele bietan bidaltzeko eta baita laneko bilerak euskaraz egiteko ere.
Aurrera ere begiratu du, eta besteak beste, proposamen hauek jaso ditu artikuluan:
- Langileen euskara-gaitasuna indartuko duten plan eta ekimenak behar dira Industrian, Merkataritzan eta Ostalaritzan.
- Dokumentazioan eta idatzizko harremanetan euskararen presentzia areagotzeko lanketa egiteko beharra dago, kanpo- eta barne-mailan.
- Kanpo-harremanetako ikuspegiarekin apurtu eta barne-mailan euskaraz hitz egiteko baliabideak eta guneak behar dituzte langileek, lantokietan euskararen erabilera ez dadin atseden-guneetako denborara mugatu.
Artikulu osoa irakurtzeko lotura.