Mintzalagun egitasmoa abiatu du Oiartzungo Udalak

Ikasturte honetan, Intxixuko AEK-k eta Oiartzungo Udalak Mintzalagun egitasmoa jarriko du abian. Euskaldunen sarea indartzea du helburu. 

Norbanakoek duten eragiteko ahalmena eta hauen garrantzia azpimarratu nahi da eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina, gure herritar askorena. Izan ere, Oiartzun udalerri euskalduna izan arren, herritarren erdiak baino gutxi gehiagok, %53,3k, darabilte euskara egunerokoan; hori diote azken soziolinguistika datuek. Hortaz, errealitate horretan eragin nahi da, eta horretarako bere garaian aktiboak ziren mihi horiek berraktibarazteko gune eta uneak sortu. Mintzapraktika-programetan ez dago ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo… sortzen diren taldeetan guztiok euskaraz gustura, eroso, eta lasai aritzea da helburua, eta, hartara, euskaldunon komunitatea indartu eta saretzea.

Bi bidaide mota barnebiltzen ditu egitasmoak:

Bidelariak. Euskaldun oso ez direnak; euskara ikasleak, ikasle ohiak, txikitan euskara ikasi eta galdu duten gazte zein helduak. Garrantzitsua da, halaber, partaideen gutxieneko euskara maila ziurtatzea komunikazio gaitasuna bermatuta egoteko.

Bidelagunak. Euskaldun osoak; prozesua amaitua dutenak edota euskara menperatzen dutenak eta eguneroko harremanetan euskara darabiltenak.

Ez da egitasmo berria herrian,  2005-2006 ikasturtean zein besteren batean bikoteka elkartzeko egitasmoa izan baitzen martxan. Oraingo honetan, talde txikietan elkartuz, astean ordubetez euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak elkartu nahi dira, astean ordubetez, euskara praktikatzeko.

Interesa izanez gero, jarri harremanetan hurrengo bideak erabiliz:

1- Telefonoz: 684805492

2- E-postaz: oiartzun_mintza@aek.eus

Related Posts