Aurten ere euskaraz egin dezakegu errenta aitorpena. Oiartzunen, zergadunen % 41k euskaraz aurkeztu zuen 2022ko kanpainan (% 6k 2004koan). Dagoeneko 92.173 gipuzkoarrek hautatu dute euskara Ogasunarekin aritzeko orduan. Erraza da, eskubidea dugu eta Aldundia prestatu da horretarako. Era berean, garrantzitsua da gure nahimena adierazteko modua delako eta beste batzuentzat eredu izango garelako. Gainera, eskualdean errenta euskaraz egiten dutenek bi bazkari lortzeko zozketan parte har dezakete lotura honetako formularioan izena ematen badute.
Kanpaina hau zure enpresan sustatzen lagundu nahi baduzu, lotura honetan dituzun kartelak jar ditzakezu lantokian eta zure lankideekin partekatu sare sozialetan.
Erraza da, eta gure esku dago aurrera egitea.
Nola egin dezakegu aitorpena euskaraz?
- Autolikidazio proposamena: Foru Ogasunak autolikidazio proposamena herritarraren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen du. Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
- Gestorian edo finantza erakundean: Gestoreari adierazi euskaraz egin nahi duzula.
- Errenta mekanizatuko bulegoan: Hitzordua hartzerakoan, adieraz euskaraz aritu nahi duzula.
- Internet bidezkoan: Zergabidean programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu.
Aldundi osoarekin harremanak euskaraz izatea eskatzeko aukera dugu
- Errenta kanpainaren barruan:
- Zergabidea plataforman errenta aitorpena betetzean: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
- Bulegoko langile publikoari esan diezaiokegu.
- Finantza etxeko edo gestoriako langileari ere esan diezaiokegu.
- Urte osoan zehar. Pertsona fisikoen 030 eredua (edo pertsona juridikoen 036 eredua) betetzean, euskarazko hautua markatu harreman hizkuntza moduan. 030 eredua Ogasuneko edozein bulegotan aurkeztu daiteke, edo Aldundiaren erregistro zentralean (Donostiako Gipuzkoa plaza). Era berean, interneteko Gipuzkoataria plataforman ere harreman hizkuntza aukeratu daiteke, “Ogasuna eta Finantzak > Harremanetan jartzeko Ogasuneko datuak” atalean.
Eta zalantzarik badut?
Lotura honetan duzu Errenta aitorpenaren hiztegia.
Beste lotura honetan Herri-ogasunaren hiztegia.