Oiartzun LANIN bloga sortu dugu zuei eta zuen enpresei hurrengo gauzetan laguntzeko:
- marketina, bezeroekiko harremanak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen.
- herri euskaldun batean kokatuta egonik, erantzukizun sozialaren oinarrizko ezaugarri batzuk betetzen.
- enpresa sortzen ari zaretenoi hasieratik euskara zuen negozioan txertatzen.
- lankideen arteko harremanetan euskal hiztunei haien hizkuntza zokorarazi ordez berdintasunean aritzeko aukera bermatzen.
Oiartzunen egindako azken kale-neurketaren arabera, harremanen % 58 euskaraz dira. Enpresetan ere bai? Zenbat pertsona bizi da euskaraz lagunartean, etxean… baina ezin du euskaraz lan egin edo ez du Oiartzungo enpresei buruzko informazioa euskaraz eskuratzerik izan?
Ez dugu datu zehatzik, baina ikusi besterik ez dago: zenbat enpresek duten webgunea gaztelaniaz, ingelesez edo euskara ez den beste hizkuntzaren batean? Horrek esan nahi du enpresa horrek Interneten eskaintzen duen lehen hitza ez dela euskara, nahiz eta Oiartzunen kokatuta egon. Hori bera egingo lukete New Yorken, Tokion edo Moskun baleude?
Negozioa hobetzeko neurriren bat hartzeko ordua duzuela uste baduzu eta herri hau maite baduzu, Oiartzun LANIN bloga lagungarria izango zaizu.
ETA ZER AURKITUKO DUZU OIARTZUN LANIN BLOGEAN?
Informazioa, praktika onak, aholkuak, eta zure galderen erantzunak.
Ba al dakizu:
- Oiartzungo Udalak dirulaguntza lerroak dituela enpresei laguntzeko?
- Webgunea eta hainbat dokumentu euskaratzeko itzulpen zerbitzua doan eskaintzen dizula?
- Sare sozialetan hizkuntzak begirunez nola landu?
- Nola aritu bileretan euskaraz lankide batek ez badaki ondo hitz egiten?
- Ba al dakizu zein enpresetan ematen ari diren aurrerapausoak?
Horrelakoak eta gehiago erantzuten saiatuko gara. Hori da gure konpromisoa.
Dena den, ez duzue zertan blogeko artikuluen zain egon beharrik. LANIN zerbitzura jo dezakezue informazio eske. Nahi duzuen bidea hautatu: posta elektroniko bidez, lanin@oiartzun.eus helbidera idatzi; deitu 943254290 edo 630889429 telefonoetara, edo Fermiñene etxean dugun bulegora etorri. Nahi izanez gero, gu ere hurbil gaitezke zuenera, bidea erraztu nahi dizugu.
Gaur, abenduaren 3a da, Euskararen Nazioarteko Eguna. Unetxoa hartu hausnartzeko. Zerbait egin beharko zenukeela uste baduzu, deitu LANIN zerbitzura.
Laguntzeko gaituzu.