17 erakundek jaso dute Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria

Atzo banatu zituzten 2020ko Bikain ziurtagiriak eta, guztira, 17 erakundek jaso dute. Hainbat arlotako erakundeek jaso dute, besteak beste, enpresek, udalek, osasun arloko erakundeek, kirol edo kultur-elkarteek, merkataritza alorreko entitateek…

Goi mailako ziurtagiria lortu dute Bitoriano Gandiaga Fundazioak, Artxarak, Eusko Ikaskuntzak, Isladak Aholkularitza Kooperatiba Elkarte Txikiak, Bergarako Udalak, Emakundek, Markina-Xemeingo Udalak, Berbarok, Mondragon Korporazio Kooperatibak. Erdi mailakoa, berriz, Armeria Eskola LHIIk, Errota Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Fundazioak, Basque Team-ek eta Osatek S.A-k (Zumarraga). Oinarrizko ziurtagiria, aldiz, UPV/EHUko Kimika Fakultateak, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Tabira Berezi S.L-k eta Ortuellako Udalak lortu dute.

Bikain ziurtagiriak esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu, eta aitortzen du. Euskarari ateak irekitzea lan-munduan oso garrantzitsua da hizkuntzen kudeaketaren, erantzukizun sozialaren edota hizkuntza eskubideen errespetuaren ikuspegitik.

Bikain Eusko Jaurlaritzak enpresa edota erakundeei ematen dien ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa. 12 urte bete ditu aurten, eta urtero aritzen da erakundeen zerbitzuen eta lan-harremanen hizkuntza ebaluatu, eta horien euskara maila saritzen.

2008an banatu zituzten Bikain ziurtagiriak lehenengoz. Harez geroztik, 410 erakundek jaso dute: 173 erakundek goi mailako ziurtagiria jaso dute, 161ek, tartekoa, eta 76k oinarrizkoa.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko

Erakundeari ebaluazioa egiten zaio, eta ziurtagiria jasotzkeo hori gainditu behar du. Ebaluatzaileek Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertzen dituzte entitateko euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko. EMEk bi ardatz ditu, eta lehen mailako 6 elementu:

1. ARDATZA: ZERBITZU-HIZKUNTZA
1. Erakundearen irudia
2. Bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak
2. ARDATZA: LAN-HIZKUNTZA
3. Barne-komunikazioa eta lan-tresnak
4. Pertsonen kudeaketa
5. Kanpo-harremanak
6. Kudeaketa-sistema

Zure entitatean ere Bikain ziurtagirira aurkeztea nahi baduzu edo prozesuan laguntza behar baduzu, jarri LANIN zerbitzuko teknikariekin harremanetan: lanin@oiartzun.eus.

Bikain Ziurtagiriari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.

Related Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude