Lanerako tresnak helburuak lortzeko beharrezkoak izaten ditugu. Lanin podcastaren zazpigarren atalean hizkuntza-kudeaketaren erreminta-kutxa ezagutuko dugu. Zehazki, motibazioan eragiteko 4 tresna azaldu ditu Mikel Urdangarin Montero hizkuntza-aholkulariak. Jarraian dituzue irakurgai:
Lehenengoa eta garrantzitsuena gu geu gara. Gure jarrerak eta portaerak eragin handia du besteengan. Eredu gara. Gure eragiteko gaitasuna izugarria da, zer, noiz eta nola esan asmatzen badugu.
Demagun hurbileko pertsona bati esaten diogula guretzat oso garrantzitsua dela berarekin euskaraz hitz egitea, bera oso inportantea baita guretzat. Guk euskaraz hitz egingo diogula adieraziko diogu, eta berak nahi duen hizkuntzan erantzun dezakeela azaldu. Zirraragarria da, ezta? Izan ere, behartzea baino eraginkorragoa baita norberaren hautua.
Arlo hau hurbilekoekin landu nahi duenarentzat, Karmelo Aiestaren esperientzia baliagarria izango zaio, eta 2014an argitaratu zuen liburua irakurtzea gomendatuko nioke: Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza bidaia.
Bigarrena:
Kultur-kontsumoa edo hizkuntzaren inputa edo kontaktua handitzea da. Gaur egun, euskaraz sortutako produktu eta zerbitzu asko ditugu eta kalitate handikoak dira. Literaturan, antzerkian, zineman, musikan, mundu digitalean…
Hirugarrena:
Gaiari buruzko formazio- edo motibazio-saioak dira. Hizkuntza berdintasunaren gaineko kontzientzia pizteko saio laburrak izan daitezke, hizkuntza-ekologia lantzeko jolasak, baina baita taldean aldaketak eragiteko tailer luzeagoak ere.
Laugarren tresna:
Euskaren aldeko egitasmoetan parte hartzea. Esate baterako, hurrengo urtean, 2022an, Korrika izango dugu. Enpresak Kilometro bat eros dezake eta lankideek elkarrekin korrika egin dezakete, lekukoa elkarri pasa… Euskaraldia ere izango da hurrengo urtean, eta langileak ahobizi edo belarriprest izatea sustatzeaz gain, enpresa arigunea izateko neurriak landu ditzakegu. Enpresari euskararen aldeko giroa lantzen lagunduko diote.
Aipatu ditugun tresnok saioan sakonago azaldu genituen. Hemen duzue entzungai: