[Lanin podcasta 15] Lanhitz dirulaguntzen inguruko berrikuntzak izan ditugu hizpide

Lanin podcasta entzuten ari zara lan munduan hizkuntza-kudeaketa txertatzeko aukerez aritzen den saioa. Gaur Lanhitz dirulaguntzen inguruan arituko gara, irailean egingo baitute deialdia, eta hainbat berrikuntza izango dira. 

Hala ere, berrikuntzen berri eman aurretik, Lanhitz deialdiaren inguruko historia landuko dugu. Dirulaguntza duela 25 urte jarri zen abian, eta guztira 489 enpresa lagundu ditu. Enpresetan euskaraz lan egiteko urratsak lagundu izan dira, eta horretarako ezinbestekoa izan da enpresek euskara-plana izatea. 

Lanhitzera aurkezteko epe-mugarik ez da egon orain arte. Batzuk behin bakarrik aurkeztu dira; beste batzuk, berriz, behin baino gehiagotan. Esate baterako, 25 enpresa 5 aldiz aurkeztu dira, eta 9 enpresa 14 aldiz. 

Deialdira aurkezteko unean hainbat baldintza bete behar dira, eta urtetik urtera baldintza horiek egoerara egokitu egiten dira. Helburua da enpresa egun batean euskara lan-munduan txertatzeko autonomia izatea. 

Zertarako egin dituzte bada aldaketak? 

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko planean jaso zuten Lanhitz programa berrikusteko eta gaur egungo beharretara egokitu eta zabalkundea egiteko aukera.  Testuinguru horri jarraiki erabaki zuten aldaketak egitea. 

Egokitzapenekin enpresa gehiagotara heltzeaz gain, entitate bakoitzaren ezaugarrietara ere egokitu nahi dute. Hainbat arrazoigatik: 

  • enpresa bakoitzak bere erritmoa duelako
  • kokalekuak baldintzatzen duelako
  • izaeraren arabera, beharrak ere desberdinak direlako

Dirulaguntza honen barruan: hizkuntzak kudeatzen hasiberriak, urratsak ematen hasi nahi dutenak, hizkuntzak modu sistematikoan kudeatzen ari direnak eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko euskara planak garatu behar dituzten erakunde pribatuak. 

Lau multzoz osatu dute deialdia: 

  1. multzoa: ekintza solteak lagunduko dira. Muga: 3 urte. 
  1. multzoa: diagnostikoa eta euskara plana eta ekintza solteak. Muga: urtebete
  1. multzoa: kudeaketa planeko ekintzak. Muga: 18 urte. 
  1. multzoa: euskara planetik harantzagoko proiektuak. Muga: 3 urtez. Gero Bikain ebaluazioa jaso. 

Beraz, entitate edo enpresa bakoitzaren egoerara moldatu dute deialdia, eta horrela aurrerapausoak egitea errazagoa izango da. Deialdiaren arrakasta handitu nahi dute honekin, baita tramitea erraztu ere. Gaur egun tramitazioa telematikoki egiten da, Izenpe edo BKQ-ren bidez. 

Irailean aterako dituzte deialdiaren nondik norako zehatzak. Orduan ere tartetxo bat hartuko dugu horri buruz hitz egiteko. 

Besterik ez gaurkoz. Orain Kurdistan aldera bidaiatuko dugu musikaren bidez. Dotmir Naze abeslariaren Lawe abestia entzungo dugu. Eta animatuz gero, dantza ezazue apur bat!

Hurrena arte!
https://www.youtube.com/watch?v=Dy129Erb6yY

Related Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude