EnpresaBIDEA egunkari digitala ezagutu dugu Lanin podcastean. Oiartzun Irratian egin genion elkarrizketan atariaren sorreraz, erronkez eta edukiez aritu ginen Maite Reizabal EnpresaBIDEAko erredaktore buruarekin eta kazetariarekin.
EnpresaBIDEA egunkarian ekonomia eta enpresa munduko albisteak daude irakurgai, eta egunero elikatzen duzue. Zer dela eta sortu zen?
Ikusten genuen hutsune bat zegoela euskaraz ekonomia eta enpresa gaiak jorratzeko. Horrelako gaiak hedabide orokorretan, Euskadi Irratian, Berria-n, EITBn topatzen dira, baina ez dago gai hauek espezifikoki jorratuko dituen hedabiderik. Hutsune hori betetzeko helburuz sortu ginen.
Nori zuzendua dago?
Publiko orokorra eta enpresa mundua biak izan daitezke gure publiko. Enpresei dagokionez, beraien ahotsa izateko tresna gara. Herritarrentzat, berriz, tresna aproposa gara ekonomia zer den modu zabal batean ulertzeko aukera egokia izan daitekeela uste dut.
Izan ere, askotan ekonomiaren inguruan erabiltzen diren hitzak, nahiz eta gero ikasten ditugun, hasieran arrotzak zaizkigun hitzak erabiltzen dira. Zuen atarian, ordea, furgoneta kanperizatuen inguruko erreportajea atera berri duzue. Gaurkotasunezko gaia da hori.
Ekonomia bada finantza, bada inflazioa… horrelako kontzeptu zabalak zein arrotzak. Ekonomia ere bada furgoneta kanperizatuen prezioaz aritzea edo autokarabanen zabalkuntzaz. Aurreko astean euskal ginebraren inguruan aritu ginen, adibidez. Horiek guztiak gure ekonomiaren parte dira, eta badago jendea hortaz bizi dena. Hori ere balioan jar dezakegu. Konturatu behar dugu ekonomia badela zerbait zabala, eta gure erabaki txikietan ere badagoela ekonomia. Zentzu horretan gaia oso modu irekian jorratu daiteke.
Denda txikietan erosita ekonomian nolako eragina duen aztertu daiteke. Hitz handietan sartu gabe, esperientziatan oinarrituta.
Esate baterako, Errigoraren inguruan aritu ginen lehengo astean. Zer dago horren atzean? Elikadura burujabetza eta euskara sustatu nahi dute, baita sektore horretan lan egiten duten eragileei nolabaiteko irtenbide bat eman nahi diote. Hori ere bada ekonomiaz aritzea.
Zenbat lagunek osatzen duzue erredakzioa?
Bizpahiru lagunek osatzen dugu: Niko Cuenca ekonomia aholkulariak, Borja Lopez sare-sozialen kudeatzaileak eta hirurok. Horrez gain, kolaboratzaile sare zabala dugu kazetari ikuspuntutik lan egiten dutenak, iritzigileak eta bestelako adituak.
Egunkaria ezagutzeko helbidea enpresabidea.eus sar gaitezke, bestela zuen buletinean alta eman dezakegu.
Iruditzen zaigu erosoagoa dela askotan informazioaren bila joan baino nahi duzun informazioa bera gure e-postara heltzea. Beraz, harpidetu zaitezke eta egunero gai bat edo bi eta iritzia jasoko ditu ditzakezu.