Euskaraldiaren hirugarren edizioa bertan da. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da euskararen erabilera sustatzeko ariketa, eta enpresek zein entitateek ere baduzue nola parte hartu.
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da.
Euskaraldian 3 protagonista nagusi egoten dira: ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak. Ahobizi eta belarriprestak norbanakoak izaten dira; ariguneak, berriz, entitateak, enpresak, elkarteak…
Ariguneak sortu nahi?
Ariguneak euskaraz aritzeko guneak dira, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro. Bertako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute.
Arigune ezberdinak daude:
- Izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…).
- Izan daiteke baita ere entitatean herritarrekiko harreman-espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak, dendariak…).
Laninetik Euskaraldian parte hartu eta zuen enpresan ariguneak sortzera bultzatu nahi zaituztegu; eta jakina, bidelagun ere izango gaituzue prozesu guztian zehar.
Hala ere, hementxe dituzue eskuragarri jarraibideak eta zenbait esteka:
a) Aurreko edizioan parte hartu bazenuten, parte hartzea berretsi eta datuak egunerako besterik ez duzue egin behar, esteka honen bidez https://ariguneak.euskaraldia.eus/
b) Lehen aldiz sortuko badituzue ariguneak, hona hemen eman beharreko pausuak:
- Euskaraldiaren proposamena aztertu eta zuzendaritzan prozesuan sartzeko erabakiak hartu.
- Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatu. Hona hemen horretarako tresna: https://drive.google.com/drive/u/0/folders/15RNVTXhT-imlULVOabPwOGuA5Mj1fwDD
- Izena eman euskaraldiaren webgunearen bidez (urriaren 31n bukatuko da epea): https://ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea/
- Neurriak hartu hizkuntza-ohituren aldaketa eta ariketa gauzatzea posible izan dadin.
Parte hartu nahi duzue? Animatu eta jo gugana (lanin@oiartzun.eus) zuen enpresan ariguneak sortzeko.