Ekitaldiaren hizkuntza-irizpideak hausnartzeko gida

Enpresan edozein ekitaldi antolatzen dugunean, hainbat arlo izan behar ditugu kontuan. Horien artean hizkuntzak ere kudeatu behar dira, behintzat, euskara eta gaztelania zein mailatan erabiliko ditugun pentsatu; eta horrela, behar duten lekua emango zaie antolaketa horretan. Kudeaketa hori egin ahal izateko, proposamen bat jarri nahi dugu zuen eskura.

Horretarako, hiru ataletan banatu ditugu ekitaldiak eta atal bakoitzeko puntu hauetako bakoitza aztertu beharko litzateke. Horrela, Irizpideak betetzeko izan ditzakegun arazoen gainean hausnartu, egoera zein den ikusi eta helburuak lortzeko behar direnak erabaki ahal izango ditugu.

EKITALDIAREN AURREKO LANAK

  • Ekitaldiaren gaineko hausnarketa: Tarte bat eskaini hizkuntza irizpideen gainean hausnartu eta adosteari. Gida hau erabil daiteke horretarako.
  • Ekitaldia finantzatzeko iturriak landu: Dirulaguntzak eskatzeko txostenak prestatu euskaraz edo bi eletan. Administrazio publikoei laguntza bat eskatuko bazaie, koherentziaz, komeni da eskaera lagunduko duen txostena euskaraz izatea.
  • Logoa edo leloa: Euskararen presentzia ziurtatu. Izenean ez bada, ondorengo azalpen laburrean. Euskarazkoa euskaraz pentsatu, ez izateko gaztelaniakoaren itzulpen hutsa.
  • Kartelak eta Roll-upak: Euskaraz edo bi eletan.
  • Egitaraua: Bi eletan.
  • Aretoaren kokapena: Ekitaldia egingo den lekuaren izena eta helbidearen euskarazko bertsioa erabili. Ulertzeko zailtasunak izan badaitezke, bi eletan hedatu.
  • Prentsa-oharrak eta iragarkiak: Bi eletan bidali komunikabide guztietara; euskaraz aritzen direnetara izan ezik, horiei euskaraz bidali.
  • Gonbidatzeko mezuak, gutunak eta mailingak: Bi eletan.
  • Sare sozialak: Bi eletan, euskara lehenetsita.
  • Webgunea: Ekitaldiaren ezaugarrien arabera, erabaki daiteke webgunea bat propio jartzea martxan edo beste baten barruan atala irekitzea. Erakarri nahi diren pertsonen ezaugarrien arabera, euskaraz edo bi eletan egongo da.
  • Izen-ematea: izen-ematea euskaraz eta gaztelaniaz egitea eskaini. Generoaren datua eskatzeaz gain, euskara gaitasuna edo lehentasuneko hizkuntza ere identifikatu.
  • Hizlariak: Xede taldearen ezaugarrien araberakoak. Erakundearen barruan dugun gaitasuna aztertu. langileren bat trebatu beharra dago? Erakundetik kanpoko hizlaririk ekarriz gero, hizkuntza gaitasuna galdetu. Erabiltzaile euskaldun gutxi izanez gero, agurrak euskaraz edo bi eletan izatea bermatu. Entzule guztiak euskaldunak izanez gero, euskaraz aritu. Tarteko egoeretan, gutxienez 1/4, 2/4 edo 3/4 hizlari euskaraz aritzea saiatu, aurreikusitako entzuleen gaitasunaren arabera. Euskara ez dakiten entzuleei aurrez azal dakieke euskaraz egingo diren ataletan zer aurkeztuko den edo euskarri bat eman dakieke.
  • Aurkezpenak eta bideoak: Aurkezpenak eta bideoak itzuli edo azpitituluak presta daitezke, euskaraz zein gaztelaniaz. Beharraren arabera. Aurkezpenak beste hizkuntzan jartzea berma daiteke (behar duenari, lagundu itzultzen).
  • Interpretazio zerbitzua eta azpiegitura: Interpretazio zerbitzua kontrata daiteke euskaraz ez dakitenei unean unekoa itzultzeko. Merkeago egiteko, ohiko aparatuen ordez, Telegram erabil daiteke, esku-telefonoak eta internet sarbidea erabilita.
  • Harremanetarako kontaktua: Euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko gai izan behar du. Kanpoko hizlaririk etorriz gero, haren hizkuntzan aritzeko gaitasuna ere bermatu. Kazetariek elkarrizketatu ahal izango dituzten pertsonak identifikatu. Prentsarekin euskaraz arituko diren pertsonak prestatu: esan beharrekoak, hiztegi teknikoa…
  • Harrera egingo duen pertsonak: Euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko gai. Lehen hitza euskaraz egiteko irizpidea argi izango dutela bermatu.
  • Aurkezlea(k): Aurkezlea elebiduna izatea bermatu edo bi aurkezle jarri lanean, bakoitza hizkuntza batean. Bigarren aukera honek hau genero aldetik ere interesgarria izan daiteke.
  • Hornitzaileak: Euskaraz eta gaztelaniaz aritzea eskatu kontratazio baldintzetan, bereziki, hizlariekin eta entzuleekin zuzenean arituko diren pertsonei. Esate baterako, Cateringa, soinu-teknikariak…
  • Aretoa apaindu: Norabidea azaltzeko eta segurtasunari buruzko errotuluak bi eletan edo euskaraz piktograma argiarekin. Hizkuntza paisaia euskalduna edo elebiduna izatea bermatu.
  • Eskura banatuko den dokumentazioa eta sustapeneko materialak: Euskaraz edo bi eleetan egotea komeni da.
  • Talde dinamikak: Lantaldeak edo bestelako dinamikak egingo badira, hizkuntza gaitasunaren arabera antola daitezke, ulermen gaitasuna kontuan hartuta. Talde batzuk euskara hutsean egin daitezke, beste batzuk gaztelania hutsean, eta ulermena kontuan izanda, talde batzuk mistoak izan daitezke. Taldeek dinamizatzaileak izango badituzte, kontuan izan horien gaitasuna eta irizpideak argi dituztela bermatu.

EKITALDIKO LANAK

  • Aurreikusitako guztia ondo dagoela ziurtatu.
  • Harreran arituko diren pertsonei eta gainontzekoei hizkuntza irizpideak gogorarazi eta betetzen direla bermatu. Lehenengo hitza euskaraz.
  • Zor Sor daitezkeen ezustekoei aurre egin.

EKITALDIAREN ONDORENGO LANAK

  • Ekitaldiaren ondorengo balorazioa: Balorazioa egiteko galdetegia euskaraz edo bi eletan prestatu.
  • Ekitaldian izandakoaren berri eman: Hitzaldien bideoak, laburpenak… hedatu euskaraz edo bi eletan.
  • Ekitaldiaren memoria: Egindakoaren balorazioa egin. Hurrengorako hobetzeko aukerak identifikatu. Memoria euskaraz edo bi eletan idatzi, lortutako finantzazioa justifikatzeko.
  • Hizlariei esker oneko gutuna: Gutun hori euskaraz edo bi eletan izango da, hartzailearen arabera, eta besteak beste, hizkuntza-irizpideak betetzeko egindako ahalegina eskertuko zaie bertan.

Ziur aski, horiek pentsatu eta prestatu arren, izan daitezke unean-unean konpondu behar direnak eta aurreikusi ezin diren beste arlo batzuk ere. Hala ere, garrantzitsuena da hizkuntzaren gaia mahai gainean jarri eta, beste kontuak aztertzen ditugun bezala, horri buruz ere hausnartzea.

Related Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude