Arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzeko egindako ekintzengatik dirulaguntzak eska daitezke abenduaren 1a arte.
Udaleko euskara sailak hainbat ekintza laguntzen ditu diruz, herrian eta herritarren artean euskararen presentzia areagotzeko asmoz. Ekintza horien artean Oiartzunen kokatuta dauden enpresek edo merkataritza establezimentuek egindakoengatik ere jaso daiteke dirulaguntza.
Bost ekimen izan daitezke diruz lagunduak:
- Kanpo errotulazioa euskaraz jartzea: betetzen diren baldintzen arabera diru kopuru bat edo beste jasoko da, gastuaren % 35 eta % 50en artean (muga baten barruan).
- Euskararen sustapenerako ekintzak egitea: euskara sustatzeko burututako normalizazio ekintzen baitako gastuak, eta ekintza horiek egiteko erabilitako lan orduen kostua. Gehienez ere gastuaren % 50, 2000€ko mugarekin.
- Euskara plana diseinatu eta garatzea: Oarsoaldeko udalek sustatutako OLA planaren baitan, euskara plana martxan duten enpresetako normalizazio ekintzak eta planak gauzatzeko aholkularitza zerbitzuen gastuak. Gehienez ere gastuaren % 50, 2000€ko mugarekin.
- Ticketbai aplikazioa euskaraz jartzea: aplikazioak emititzen duen ticketeko datu guztiek euskaraz egon beharko dute. Instalazioaren gastuaren % 50 jasoko da gehienez, 200€ko mugarekin.
- PuntuEus domeinua jartzea: webguneak euskaraz egon behar du. Domeinuaren eta ostatatzearen % 50 jasoko da, 200€ko mugarekin. Bi urtez eskatu daiteke.
Eskaera egiteko behar den dokumentazioa:
- Eskabide orria behar bezala beteta
- Erakunde eskatzailearen, pertsona arduradunaren edo ordezkariaren NAren fotokopia
- Elkarte, erakunde edo interesatu eskatzailearen IFZren fotokopia
- Kontu korronte bat ireki duela egiaztatzen duen banketxearen edo aurrezki kutxaren ziurtagiria.
- Gastuaren jatorrizko faktura.
- Eskatzen den laguntzaren arabera, argazki edo zinpeko aitorpenak eska daitezke.
Epea:
Dirulaguntza eskatzeko azken eguna 2023ko abenduaren 1a izango da. Hortik aurrera egiten diren ekintzak 2024ko dirulaguntza deialdiaren barruan geratuko dira.
Bateragarritasuna:
Dirulaguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako dirulaguntzekin, beti ere, laguntza bakoitzean zehaztutako mugak gainditu gabe.
Dirulaguntza deialdi osoa irakurtzeko klikatu hemen.