Itzultzaile neuronalak errazago erabiltzeko aukera eskaini nahi digute Elhuyarrek eta Vicontecheko Trebek. Bezeroen aplikazioetatik bertatik erabiltzeko soluzioak prestatu dituzte, eta behar izanez gero, neurri-neurrikoak garatzeko aukera ere eskaintzen dute.
Elhuyarren Elia itzultzailearen kasuan (https://elia.eus/itzultzailea), itzultzailearen aplikazioa gure konputagailuan instalatzeko aukera eskaintzen digute; doan da eta irekita dugun edozein aplikaziotatik testua itzuli eta ordezkatu ahal izango dugu.
Horretarako, elia.eus helbidea jo behar dugu eta aplikazioa deskargatu (https://elia.eus/hasiera#app_download). Windows, Linux eta MacOS-erako prestatu dituzte.
Ordenagailuko Deskargak karpetan gordeko zaigu instalatzailea. Fitxategi horren gainean birritan klik eginda, instalatzen hasiko da. Agindutako pausoak jarraitu, besterik gabe. Instalatutakoan, Elia aplikazioa jarriko da martxan atzealdean. Ez da beste leihorik irekiko. Ordenagailua pizten den aldiro jarriko da martxan aplikazioa.
Behin aplikazioa instalatuta, testu bat itzultzeko honako pausoak jarraitu behar ditugu: Aurrena, itzuli nahi dugun testua hautatu eta Ctrl + C, Ctrl + C laster-marka sakatuta, eta ondoren, Ctrl + V, Ctrl + V sakatu. Hau da, agindu bakoitza birritan emanez gero, eta gure aplikazioan gaudela, testua itzuliko digu eta dokumentuan sartuko du, automatikoki, itzultzailearen webgunera joan beharrik izan gabe.
Azalpen gehiago nahi izanez gero, lotura honetan duzue eskuliburua: https://elia.eus/static/app/Elia_ordenagailuko_aplikazioaren_eskuliburua_eu.pdf
Horretaz gain, beste aplikazio batzuetan ere txerta daiteke. Esate baterako, itzultzaile profesionalek erabiltzen dituzten Wordfast eta Trados tresnetan, Webguneetan eta edukiak sortu eta administratzeko CMS programetan…
Trebek ere zerbitzu berdintsua eskaintzen duela jakin dugu. Haiekin harremanetan jartzeko: https://demo.trebe.org/eu/
Ikusi zein izan daitekeen zuentzat egokiena.