Euskarari lekua handiagoa eman nahi diogu enpresan, baina ez dakigu nondik hasi eta zein izan daitekeen aukerarik hoberena? Eguneroko zurrunbiloan gabiltzala, kosta egiten zaigu hausnartzeko tartea hartzea? Ez kezkatu, jaso ditugu aukera batzuk, nondik jo erabakitzen laguntzeko, eta jarraian azalduko dizkizuegu.
Batzuk errazak dira; beste batzuek lanketa handiagoa eskatzen dute. Irakurri, hautatu, eta abiatzeko laguntzarik behar baduzue, harremanetan jarri LANIN zerbitzuarekin (lanin@oiartzun.eus). Laguntza teknikoa eta ekonomikoa jaso dezakezue.
Zein aukeratuko duzue?
Erakunde batean landu daitezkeen hainbat esparru
• Produktuak edo zerbitzuak hobetzeko:
◦ Produktu eta zerbitzuen izenak.
◦ Produktu eta zerbitzuen osagai linguistikoak.
◦ Bezeroen hizkuntza-beharrizanak identifikatu eta kontuan izan zerbitzua edo produktua garatzeko, merkaturatzeko edo eskaintzeko orduan.
◦ Produktu eta zerbitzuen deskribapenak eta fitxa teknikoak.
• Bezeroen lehen arreta hobeto kudeatzeko:
◦ Lehen hitza eta harrera telefonoz zein aurrez aurre (erabiltzaileak hitza hartu arte edo hizkuntza hautua egin arte).
◦ Erantzungailuaren mezua.
◦ e-posta sinadurak.
• Bezero euskaldunekin euskaraz ere aritzeko, idatziz zein ahoz:
◦ Euskaraz aritu nahi duten bezeroak identifikatu.
◦ Produktuen eta zerbitzuen ezaugarriak aurkeztu.
◦ Bilerak eta negoziazioak.
◦ Inprimakiak eta idatzizko komunikazioak (gutunak, mezu elektronikoak, aurrekontuak, albaranak, fakturak, tiketak, erreklamazio-orriak, asetasun-inkestak, bermea, etiketak…)
• Irudia eta marketin euskarriak hobetzeko:
◦ Irudi korporatiboaren osagaiak (marka, logotipoak, bisita-txartelak, zigiluak, orri-buruak, karpetak, gutun-azalak, biltzeko paperak, poltsak…)
◦ Sustapen-materialak (katalogoak, tolesgarriak, egutegiak…)
◦ Urteko memoria.
◦ Ikus-entzunezkoak.
◦ Jendaurreko ekitaldiak eta erakustazokak.
• Hizkuntza paisaia aldatzeko:
◦ Eraikinaren kanpoko errotulu nagusia.
◦ Bezeroari/Herritarrari zuzendutakoak (arreta-ordutegia, txanden itxarotea, debekuak, produktuen/zerbitzuen tarifak, eskaintzak, poltsak…).
◦ Eraikineko errotuluak, kanpokoak eta barrukoak (identifikaziokoak, norabidezkoak, segurtasunekoak, lan-arriskuen prebentziokoak, ingurumenekoak, ekoizpen-makinak, karpetak, apalak…).
◦ Autoen errotulazioa.
◦ Laneko arropetako errotuluak.
• Webgunean eta ingurune digitalean euskarari presentzia bermatzeko:
◦ Webgunearen atal finkoak (orri nagusia eta hurrenez-hurreneko atalak), eta aldakorrak (berriak, inkestak, txostenak…)
◦ Blogak
◦ Facebook, Twitter, LinkedIn…
◦ .eus domeinua
• Langile berrien hautaketa eta harrera hobetzeko
◦ Lanpostuaren ezaugarri linguistikoak zehaztu.
◦ Pertsonak hautatzeko prozesua.
◦ Praktiketako ikasle eta langile etorri berrientzako protokoloa: harrera liburuxka eta ahozko azalpenak.
◦ Lege-dokumentuak (kontratuak, lan- hitzarmenak edo lan-baldintzen gaineko dokumentuak, langilearentzako Gizarte Segurantza edo Ogasunari dagozkion dokumentuak).
• Enpresako pertsonen artean euskaraz gehiago aritzeko (GGBB dokumentuak, bilerak, ohitura aldaketak…)
◦ Idatzi estandarizatuak (lan-egutegia, nomina, ordutegi-kontrola, egiaztagiriak, telefono-zerrendak, lan-aginduak, eguneroko lan-parteak, planoak, makinen erabilera-orriak, kontrol-fitxak…).
◦ Langileek banaka betetzeko inprimakiak (lizentzia-baimenak, bidaia- eta otordu- ordainketak, iradokizunak…).
◦ Idatzizko komunikazioak (jakinarazpenak, mezu elektronikoak…).
◦ Eginbeharrekoak azaldu.
◦ Bilera deialdiak, gai-ordenak eta aktak.
◦ Programa informatikoak eta hizkuntza-teknologiak. Euskaraz lan egiteko tresnak…