Gaurko saioan ez gara gai bakarrean zentratuko, ez. Baten faltan hiru ekarri dizkizuegu. Hirurak interesgarriak izateaz gain, esku artean ditugun gaiak dira: trebakuntza enpresatan ikastaroa, TicketBai eta PuntuEus kanpaina.
- Trebakuntza-ikastaroak:
Lehengo hileko podcastean aipatu genizuen guk geuk, eta beste hainbat hedabideetan ere egin da haren aipamena: martxan ditugu trebakuntza-ikastaro labur batzuk. Lanin egitasmoan barnebiltzen diren enpresei zuzenduta daude, eta helburua da langileak euskaraz lan egitera trebatzea.
Telefonoz hobeto nola aritu eta mezu elektronikoak nola hobeto idatzi ikasiko dute parte hartzaileek ikastaroen bidez. Kurtso espezifikoak direnez, euskara-mailaren arabera antolatu ditugu; alegia, hizkuntza-maila jakin bat beharrezkoa da batean ala bestean izena emateko. Gauzak horrela, telefonoz hobeto aritzekoan A2-B1 maila izatea derrigorrezkoa da, hau da, hitz egiteko oinarrizko jakintza izatea ezinbestekoa da. Mezu elektronikoak hobeto idazteko, berriz, komeni da B2 B1 maila izatea, hots, euskaraz idazteko gutxieneko ohitura izatea.
Bi saioak Moodle plataformaren bidez egingo ditugu. Telefonoz hobeto aritzeko ikastaroan, bertako gela birtuala erabiliko dugu bi egunetan, orduan egingo baitira urruneko saioak (astebeteko ikastaroa da). Mezu elektronikoak idazteko ikastaroa, bestalde, 10 egunetakoa da. Ikasleak plataformako edukiak landu beharko ditu, eta saio telematikoa ikastaroaren amaieran izango du.
Lehenengo txandari dagokionez, oso esperientzia ederra izan dela esan dezakegu. Guztira, 12 bat ikasle izan ditugu, eta denak gogotsu aritu dira ikasten. Adierazi digutenez, ondo etorri zaie lehendik zekitena gogoratzeko eta euskaraz lan egiteari beldurra galtzeko.
Bigarren txandan izena eman nahi duenak blogean eskuragarri izango du informazioa. Dena den, azti ibili, izen ematea laster amaituko da eta
2. TicketBai
TicketBAI, edo TBAI, hiru foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean partekatutako proiektua da, eta zenbait betebehar legal eta tekniko ezartzea du helburu; hala, TBAI indarrean sartzen denetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek fakturazio-software bat erabili beharko dute, administrazioek esandako baldintza teknikoak beteko dituena.
Sistema berri horrekin, foru-ogasunek zergadunen jarduera ekonomikoen diru-sarrerak kontrolatu ahal izango dituzte eta, bereziki, azken kontsumitzaileei, herritarroi, ondasunak edo zerbitzuak ematen dizkiguten sektoreetako jarduerenak, neurri handi batean eskudirutan ordaintzen ditugunak. Era berean, diotenez, informazio hori erabiliko dute zergadunei zerga-betebeharrak betetzen laguntzeko.
Zehaztu dezagun: orain, enpresa edo pertsona batek produktua edo zerbitzua saltzen duen bakoitzean, faktura edo tiket bat egiten du. 2022tik aurrera derrigorrezkoa izango da TicketBAIrekin bateragarria den software edo programa informatiko bat erabiltzea fakturak edo erosketa tiket hori egiteko. Behin faktura edo tiketa sortu eta balioztatuz gero, aplikazio informatikoak automatikoki faktura edo tiketa sortuko du, eta horrek QR kode bat eramango du. Dokumentu hori erosleari emango zaio, eta aldi berean Ogasunari bidaliko zaio automatikoki.
Horrela, herritarrok egiaztatu ahal izango dugu saltzaileak faktura behar bezala aitortu duela. Fakturaren erregistrora sartu ahal izango gara Foru Ogasunaren web orrian, eta beren zergak aitortu direla ziurtatu. Iruzur fiskala saihesteko tresna gisa aurkeztu dute.
Baten batek galdetuko zion bere buruai, honezkero: honek zer lotura du euskararekin? Aplikazio informatikoa den neurrian, interfaze bat izango du enpresak lan egiteko, tiket bat edo faktura bat emango dio bezeroari eta faktura horrek ordaindutako hainbat zerbitzu edo produkturen zerrenda izango du. Zein hizkuntzatan jarriko dituzte enpresek? Gaztelaniaz bakarrik? Bi eletan? Euskaraz eta bezeroak ulertzen ez badu, gaztelaniazkoa atera berari?
Enpresek eta profesionalek aukeran izango dute merkatuan daudenen aplikazioen arteko bat hautatzeko. Gaur goizean begiratu dugu azken aldiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean dagoen zerrenda, eta 201 aplikazioa zeuden erregistratuta. Horietatik 41, hau da, %20k eskaintzen du euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko aukera.
Une garrantzitsua da. Oiartzungo, Gipuzkoako eta Erkidegoko enpresa eta establezimendu guztiek batera egingo duten aldaketa delako, eta teknologikoki egin daitekeelako.
Establezimendu eta enpresa askok haien funtzionamendura egokitutako aplikazioak beharko dituzte, ez baita gauza bera hilean 15 faktura egin edo ordubetean 15 egin, ez delako gauza bera 5000 kontzeptu izan edo 50, baina balantzan pisatu beharrekoak. Gainera, kasu batzuetan, makina bera ere aldatu beharko dute, Interneta jarri establezimenduan… Ez da une goxoa izango askorentzat, horrek guztiak lana eta kostua baitakarkio. Baina okerrenari ere alde ona ikusi behar diogu, eta TBAI ezarri beharrak ohitura zaharkituak aldatu eta euskaraz edo bi eletan jartzeko aukera eskainiko digu.
Gaur egun, Binovo enpresak 4 aplikazio euskaraz eskaintzen ditu, eta Setecorekin lanean ari gara haiena ere euskaratzeko.
Enpresak eta establezimenduak eremu garrantzitsua dira herriko bizitzan, eta euskararen aldeko langintzan bidelagun izan nahi ditugu. Oiartzun udalerri euskalduna da eta bezero asko euskaldunak dira; beraz, zentzuzkoa da tiketak euskaraz ere ateratzeko aplikazioak aukeratzea. Hartara, 123/2008 Dekretua beteko luke herritarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza eskubideei buruzkoa, alegia.
Horregatik gaude enpresa eta establezimenduei zerbitzu horiek emateko prest, hau da, informazioa eman eta itzulpenak egiten laguntzeko. Eta doan gainera.
Entzule, animatu ezazu zure enpresa, okina edo tabernaria… TBAI aplikazioa eta tiketak euskaraz ere jartzera. Emaiozu aukera honen berri.
3. PuntuEUS kanpaina:
Dakizuen bezala, Laninen bidez Oiartzungo enpresa txikietan eta ertainetan euskara sustatu nahi dugu eta horretarako zerbitzu eskaintza zabala dugu. Webgunea euskaratzeaz gain, PuntuEus domeinua erosteko deskontua ere badute enpresa eta entitateek. Zergatik aukeratu, ordea, puntuEUS? Zer abantaila dakarkio enpresari hautu horrek?
Gaur egun aro digital betean bizi da gizartea, eta enpresak zein entitateak gizartearen parte direnez gero, haiek ere eremu digitalari heldu behar diote. Webguneak enpresaren zerbitzuak eskaintzeko zein informazioa zabaltzeko gune bihurtu dira. Zenbat eta hizkuntza gehiagotan idatzi eskaintza merkatu-aukerak zabaldu egiten dira. Domeinuekin ere antzera gertatzen da. Izan ere, domeinuaren bidez enpresaren kokalekua adieraz daiteke, eta hor PuntuEUS sartuko litzateke.
Zein abantaila ditu, beraz, PuntuEusek? Entitateei, besteak beste, marka sortzen, bereizten eta babesten laguntzen dio PuntuEUSek. Horrez gain, balio-erantsia ematen lagun dezake. Domeinua erosteko ez da beti beharrezkoa webgunea euskaraz izatea.
Egun martxan den kanpainaren bidez, Oiartzungo Udalak domeinua erosteko deskontu txartelak ditu. Interesdunei kode bat emango zaie, eta horren bidez izango dute deskontua erosketa egitean. Horrez gain, laguntza informatikoa jasoko luke PuntuEusera jauzi egiten duenak.
Hauxe izan da guztia, entzule. Entzun duzuen bezala, galtzak bete lan du euskalgintzak. Zorionez, Oiartzungo Udalaren haizea alde dugu, eta horrek asko laguntzen du lanerako garaian. Guk geure aldetik, euskara eremu sozioekonomikoan indartzen jarraituko dugu, eta podcast hau horren lekuko izango da.
Ez gara beti geure zilborrari begira jardungo. Inguruari so aritzen gara, eta horregatik ekarri dizuegu gaur bretoierazko abesti bat. Gainera, egunotan, bihotzetik gertu ditugu bretainiarrak Ar Redadeg ari baitira egiten, gure Korrikaren antzeko ekitaldia. Bretoiera indartzeko helburuz egiten dute ekitaldia, eta entzuten ari zaretena da aurtengo abestia. Iaz ezin izan zuten egin covid-19aren eraginez, baina aurten heldu diote erronkari. Larunbatean amaituko da Ar Redadeg.
Hurrengo hilean entzungo dugu elkar, ondo-ondo segi eta zaindu!