2023ko urtarrilaren 2ko Osakidetzako datuen arabera, 6.687 oiartzuarrek euskara hautatu du lehentasunezko hizkuntzatzat. Horrek esan nahi du erabiltzaile edo bezero horiek nahiago dutela euskaraz artatuak izan.
Osakidetzako Euskararen Normalizazio Planean jasota dago pazienteek haien lehentasunezko hizkuntza zein den erabaki ahal izatea. Modu horretan, osasun zentroetako ahozko zein idatzizko harremanetan euskara edo gaztelania erabili jakingo dute profesionalek.
Oiartzuarrek ere egin dute hautua: % 64k adierazi du nahiago duela zerbitzua euskaraz jaso, gaztelaniaz baino.
Hori horrela, Oiartzunen zerbitzua edo produktua eskaintzen duen enpresa bat izanez gero, gomendagarria izango litzateke euskararen gaia mahai gainean jarri, eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko aurrerapausoak ematea. Modu horretan, herritar askoren nahiari erantzun ahal izango diozue, eta bezeroei enpatia eta gertutasuna adierazteko aukera paregabea litzateke.
Baina zerbitzua Oiartzundik kanpo ere ematen baduzue? Orain arte, EAEko herritarren % 70ek erregistratu du haren hizkuntza hautua; eta horietatik 330.000k adierazi du euskaraz artatua izateko nahia (Berria egunkaria: 2022/12/12). Hortaz, haiengana hurbiltzeko estrategia baten bila bazabiltzate, erabili hizkuntza.
Eta ez ahaztu, Oiartzungo LANINeko hizkuntza aholkularitzak lagun zaitzakete euskararen sustapena lanean eta zerbitzuetan txertatzen. Beraz, pausoa eman nahi izanez gero, idatzi lanin@oiartzun.eus helbidera.