Lanin Podcastaren bigarren saioko elkarrizketa duzue irakurgai jarraian.
Lehenengo saioan azaldu genuen, Lanin egitasmoaren bidez, enpresak laguntzen ditugula lantokian euskaraz aritzeko urratsak eman ditzaten. Hainbat enpresa ari dira gurekin lanean, eta, hain zuzen ere, Merka Oiartzunen adibidea ekarri nahi izan dugu gaur hona. Mikel Urdangarin Montero gure lankidea joan zen bertara, eta bertako zuzendari Martin Agirreri egin zion elkarrizketa.
Elkarrizketan Merka Oiartzunen funtzionamendua azaldu zigun Agirrek, eta euskarak horretan guztian duen garrantzia nabarmendu zuen.
– Nor zara? Zertan egiten duzu lan?
– Martin Agirre naiz, eta Merka Oiartzunen egiten dut lan.
– Merka Oiartzun nola sortu zen? Non zaudete?
– Duela 31 urte sortu zen, 1991. urtean. Gure izena, berez, Merka Pasaia-Oiartzun da, Pasaiatik zetozen arrainen handizkaria zelako. Gaur egun, Errenterian gaude, gure lurra aldatu zelako hara. Oarsoaldeko enpresa dela esan dezakegu.
https://www.merkaoiartzun.com/– Zertan aritzen da enpresa?
– Gure enpresak arrain-handizkariei ematen dizkie zerbitzuak. Beraiek sortu zuten enpresa. Zerbitzuak ematen zaizkie: izotza, lekua eta garbitasuna ematen zaie.
– Hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiozue, orduan. Dendak daude, tresneria ere baduzue, izotza…
– 34.000 metro karratuko azalera du, eta 16.000 metro karratu ditu eraikuntzak. Goizeko 5etan arrain-saltzaile guztiak etortzen dira generoa erostera; horrez gain, handizkariek arraina erosi eta saldu egiten dute hemen. Hemendik leku askotara zabaltzen da arraina, hala nola, Espainiara, Frantziara eta Italiara. Arrain-merkatua izateaz gain, arrain-banaketa gunea ere bada.
– Interesgarria. Harreman komertzialetan euskara erabiltzen duzue? Zein egoera bizi du euskarak sektore honetan?
– Guk enpresa bezala, euskaraz zein gaztelaniaz ematen diegu. Gure bezero eta bazkideei bi hizkuntzatan aritzeko aukera ematen diegu. Gero, sektore honetan, azkenean, euskaraz dakienak euskaraz egiten du: bai arrandegiekin, bai bestelako bezeroekin. Kanpokoekin, jakina, ezetz. Dena den, handizkarien artean ez dago hain sartuta euskararen erabilera, batez ere, ikasketengatik, euskaraz egin ez baitituzte egin.
– Arrandegiek badute euskaraz hitz egiteko joera handiagoa?
– Bai, bai, gehiago. Pentsa hemendik Nafarroako Bortzirietako eta Eibartik honako Gipuzkoako arrandegi asko hona etortzen dira, eta gure langileek horiekin euskaraz egiten dute.
– Hartu-eman horretan euskarak zein ekarpen egiten dizute? Zertarako balio dio enpresari euskaraz egiteak?
– Batez ere, gure hizkuntzan erabili ahal izateko aukerak ematen du balioa, baita beraiek nahi duten hizkuntza erabiltzeko aukerak ere. Azken finean, gu gure bezeroen zerbitzura gaude. Oso erabilia da esaldi hori, baina egia da, garrantzitsuena bezeroa dela, hura gabe ez dugu negoziorik. Horregatik guk bezeroei beraiek nahi duten hizkuntzan eskaintzen diegu zerbitzua.
– Zuekin harremana izan duen bezeroak zer gogoratzea nahi zenukete?
Nahi genuke bezeroa gustura sentitzea eta berriz ere hona etortzea. Berez, oso bezero finkoak ditugu: arrandegiak, gure bazkideak, jatetxeak eta horrelakoak. Publiko profesionala dugu. Nahiz eta ohikoak izan, guk nahi duguna da haiekiko dugun harremana hobetzea.
– Hor kokatzen duzu euskara?
– Noski, baietz. Horregatik eskaintzen dugu bi hizkuntzatan esperientzia.
– Baduzu bizipen positiborik euskararekin?
-Beti izan da positiboa euskara. Dena den, badugu bizipen bat. Gure bulegoan lanean aritzen den bat madrildarra da, eta hona etorri zenean, bere kasa euskaltegian hasi zen eta hor jarraitzen du euskara ikasten.
– Nola irudikatzen duzu Merka Oiartzun 10 urte barru?
– Euskaldunagoa irudikatzen dugu. Alde batetik, egiten ari garen esfortzuagatik; bestetik, euskara gehiago ezagutzen da, eta erabiltzen da eremu guztietan.
– Pauso horiek egitean beharrik identifikatu duzue?
– Oiartzungo Udalaren Lanin zerbitzuak izugarrizko laguntza eskaini digu. Ditugun zalantzak konpontzen dizkigute, eta edozein motatako itzulpenak egiteko gai dira. Hor ikusten da laguntza handia.
– Zer esango zenieke beste enpresei, euskaraz lan egiten animatzeko?
– Bada, has daitezela. Animatzeko esango nieke, ez da zaila eta onurak jasoko lituzkete.
– Euskaraldian parte hartu zenuten? Nolakoa izan da esperientzia?
– Azken bi urteetan parte hartu dugu. Oso positiboa izan da. Euskaraldia egunero egin behar dugu. Aurten, Covid-19a dela-eta, pixka bat tristea izan da. Jendeak burua beste zerbaitetan izan du. Ez dakit nola esan, euskararen jaia ez da izan. Hala ere, guk hemen kartel gehienak euskaratu ditugu, arrainen izenak euskaraz banatu dizkiegu… aktiboak izan gara zentzu horretan.
– Zer da zuretzat euskara?
– Euskara gure hizkuntza da.
Amaitzeko, Llan de Clubel taldearen La lluz encesa abestia duzue entzungai. Izen bereko diskoa atera zuten 2019an, eta asturieraz egindako diskorik salduena izan zen.